Eskolartekoak

FILOSOFIA

“Harrobia egitea” oso garrantzitsua da, neska-mutilei hain filosofia berezia duen kirol eder hau erakutsiz. Edozein kiroletan bezala ahalegina beharrezkoa da. Kasu honetan erronka norbere burua gainditzea denez, honek bere onura dakar eskolartekoen garapenean. Honetaz gain ez da kirol lehiakorra; ez baitu axolarik lehena, bostgarrena edo azkena heltzea; hemen ez dago hoberik ala okerragorik; denak garaile dira eta ez dago galtzailerik. Are gehiago, ahulenari itxaroten ikasten da eta aurrera egiteko animatzen. Giza erlazioa nagusitzen da: ondokoarekin hitz egitea, neska eta mutilen arteko elkarbizitza, hamaiketakoa banatzea, adiskidetasuna sendotzea… eta bakarrik ibili beharrean aurkitzen bagara, gaur egun hain garrantzitsua den hausnarketarako lagungarria zaigu. Bere alde didaktikoa ere badu: gure lurraldeko baserriak, ermitak, haitzuloak, herriak eta jendea ezagutzen ditugu; landareak, zuhaitzak, mineralak eta lur motak desberdintzen ikasten dugu; bide, ibar eta tontorretan zehar ibiltzen gara… , eta gutxi balitz, hau dena munduko gauzarik hoberena den Naturarekin bateginik.

Kurtso bukaera Abauko bordan, 2001eko ekainean
Kurtso bukaera Abauko bordan, 2001eko ekainean


LEHIAKETA

1986tik hona Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Mendi Federazioaren lankidetzarekin, eskola jokuen barne, probintzia mailako mendi lehiaketa bat antolatzen du. Bertan nahi duten ikastetxeek parte hartzen dute, bere udalerriko mendizale taldeen laguntzaz. Lehiaketa horren arabera, urtean zehar gutxienez 7 irteera egiten dituenak (horien artean erregulatutako martxa bat) “Finalistaren egunean” diploma ziurtagiri bat jasotzen du. Finalistaren egun hau urtero herri desberdin batetan ospatzen da eta bertan mendi trabesia txiki baten ostean jokuak eta oparien zozketa ere egiten dira.

1997-1998 denboraldiko finalistak Ezkarain (Errioxa)
1997-1998 denboraldiko finalistak Ezkarain (Errioxa)


JATORRIA

1992an, bere 50. urteurrena ospatzen zuen Urdaburu Mendizale Elkarteak, gaztetxoenen artean mendizaletasuna sustatu behar zuela ikusirik, lehiaketa honetan sartzea erabaki zuen. Une horretan 7. lehiaketa zen. Horretarako Orereta Ikastolarekin harremanetan jarri zen. Honela 8-14 urte bitarteko 34 neska-mutil biltzea lortu ondoren abentura honi hasiera eman zitzaion. Urte horretan 6 irteera besterik ez ziren egin. Lehiaketatik kanpo geratu ginen… baina lehen urratsa emanda zegoen.

Igoin-en tontorrean, 1992ko martxoan
Igoin-en tontorrean, 1992ko martxoan


HISTORIA LABURRA

1993-94 kurtsoa (VII. lehiaketa) izan zen irteera hauen lehena. Orduan “Finalistaren eguna” antolatzea suertatu zitzaigun. Horrela Errenteriatik Bizarainera (San Markosera) ibilbidea prestatu genuen eta 1197 ikasle agertu ziren, probintziako 61 ikastetxeetatik. Horren ondoren, familia giroan eta gure egoitzan, gurekin dabiltzan ikasleen domina banaketa egin genuen, janaurreko batez lagunduaz. Lehen denboraldi honetan ikasturte amaierako irteera ezarri zen, orain arte urtero egiten dena. Orduan Arlas mendira joan ginen eta gero gure Abau bordara, bertan hainbait joku egin zirelarik.

1995ean Foru Aldundiak dominak banatzeari utzi zion. Honenbestez, ordutik hona guk geuk banatzen ditugu, grabatutako izenekin.

1998-99 ikasturtean argazki lehiaketa bat ezarri zen, oraindik bizirik dirauena. Irteera bakoitzean behin bakarrik erabil daitezken horietako kamarek banatu eta hauek elkarren artean txandakatzen dira, denek argazkiak atera ditzaten. 1999-2000 ikasturtean irteeren filosofia aldatu zen. Horrela mendi desberditara elkar loturarik gabeko txangoen ordez, gehienbat etapaka lotutako ibilbideak hasi ziren, hara nola: Errenteriatik Arantzurako bidea, Gipuzkoari Itzulia, Gipuzkoako diagonala Lizarrustitik Saturraranera, Urolako zeharkaldia, Oria bailarako zeharkaldia. Hale ere irteera bereziak ere egin dira mendi “mitikoetara”: Gorbeia, Aizkorri, Anboto, Ernio, San Donato, Txindoki… , eta noizbehinka mendiari lotutako beste irteera didaktikoak: orientazio martxak, perretxikoak biltzera, oinarrizko eskalada ikastaroren bat, txirrinduz, etb…

2001-02 ikasturtean puntukako lehiaketa bat ezarri zen, hau da, zenbat eta irteera gogorrago hainbat eta puntu gehiago. Azkenean puntu kopuru jakin bat behar zelarik finalista izateko.


ETORKIZUNA

Urtero haur gazte kopuru aipagarri bat hasten da. Gehiengoak ziklo guztian zehar gurekin dihardu, gauza garrintzitsua jarduera honek jarraipena izan dezan. Datu aipagarri bezala, urte guzti hauetan parte hartu duten 30 ikasle inguru URDABURUko bazkide egin dira. Hala ere, gazte aroa heltzen zaienean, bestelako jarduerei garrantzi handiagoa ematen zaienez, mendira joateaz “paso” egiten diote. Hala ere zaletasuna hartu dutenak, urte batzuren buruan, berriz ere hasten dira…. Guzti hau dela eta, lan honekin baikorrak izan behar dugu.

Zaria, 2008/12/14. Eguraldi txarrak ez ditu haurrak atzera botatzen!
Zaria, 2008/12/14. Eguraldi txarrak ez ditu haurrak atzera botatzen!