Pasa den uztailak 8-9 asteburuan urteroko Pirinioko irteera egin genuen 24 partehartzailerekin. Eguraldi bikaina izan genuen bi egunetan, baina amaieretan bero piska bat. Baina dena oso ondo joan zen: txango ederrak, ibiltzeko erosoak eta partehartzaileek ondo erantzun zuten, zalantzekin aurreikusitako ordutegiak zehatz mehatz bete ziren.
Larunbatean ohikoa baino bidai eta txango luzeagoak genituenen eta afarira justuegi edo berandu heltzeko arriskua zegoen. Horregatik ohikoa baino goizago (6:30ean) abiatu ginen Errenteriatik eta bidaian geldialdi azkar eta labur bakarra egin genuen, komunera joan eta ogi erosketa, biak batera egiteko. 11:00tan abiatu ginen Bielsako tunelaren hego ahotik, Puerto Viejo lepotik Pico del Puerto Viejo (2723) igoz. Barroudeko zirko ikusgarria bistan Barroude lakuetara jaitsi eta otartekoa egin genuen. Azkenik jaitsiera luze baina erosoa Gela bailaratik, Aragnouet bailaran 18:00tan amaituz. Hemendik nahi baino bidai luzeagoa genuen Guchen herrira, bertako Chateau Rolland “opor zentroan” afaldu eta lo egiteko. Hala ere ez ginen ia atzeratu eta afaldu aurretik lasai dutxatu eta zerbeza bat hartzeko denbora eman zigun.
Igande goizean berriz autobus bidai luze samarra genuen. Eguneko anekdota partehartzaile batek bi boten zolak puskatuta (zintzilik) bukatu zuela bezperan, eta igandean zinta amerikar eta bridekin lotuta txango guztia aguantatu zutela. 8:50ean abiatu ginen Piau Engaly eski estaziotik. Zidor onaz eta erosoaz igo ginen Cambielgo portura eta hemendik gehienak, zailtasun gutxirekin, Soum de Salettes (2976) tontorrera igo ginen. Berriz lepoan, otartekoa egin eta jaitsiera luzeari ekin genion. Susmatzen genuen bezala, lepoko letreroak zion “2h30” baino askoz luzeagoa izango zen. Dena den jaitsiera erosoa eta arina suertatu zen, bestetan ez bezala, ez genuen azkenei itxaroteko apenas geldialdirik egin. Bailara erdian bero piska bat nabaritzen hasi ginen baina zorionez behe zatia pagadi fresko batetik joan zen, Gedre herrian 16:30ean amaituz. Zerbait jan, zerbeza batzuk hartu eta 17:30 aldera irten zen autobusa, Errenteriara 21:15 inguruan iritsiz.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/sets/72177720309717567/