Arabako birako 17. etapa burutu genuen Orduñako mendatetik Belandiara

Larunbatean Arabako birako 17. etapa burutu genuen Orduñako mendatetik Belandiara 58 partehartzailerekin. Ibilbidearen zati ederrenean ezin izan genuen ezer ikusi, eguraldia ezin alderantzizkoagoa izan bait zen. Eguzkia eskertu eta trabarik egingo ez lukeen lehen erdian lainoa izan genuen, lainoak berdin zuen unean alde egin zuen, eta eguzkirik gabe hobe zenean bero. 9:50 aldera abiatu ginen Orduñako mendatetik, laino barruan eta bistarik gabe. Fraileburu haitz ikusgarria ikusi gabe Txarlazo tontorrera heldu ginen. Goldetxo mendatetik behera bide zabal batek Fuente de la Choza atsedenlekura eraman gintuen, hemen hamaiketakoa eginez. Hemendik aurrera ia dena pista edo asfaltua zen, eta oso arin joan zen, Lendoño Behekoa eta Mendeikatik zehar Babio tontorreraino. Eta azkenik Belandia auzoan amaitu genuen 14:15 aldera, bazkaltzera berandu iristeko beldurrak uxatuz. Ondoren, denboraldi amaierako bazkaria Laudioko Karrika jatetxean egin genuen, giro bikainean.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720319024353