Pasa den uztailak 13-14 asteburuan urteroko Pirinioko irteera egin genuen 26 partehartzailerekin. Eguraldi atsegina izan genuen eta uste baino askoz elur gitxiago (kranpoiak eta pioletak ez genituen motxilatik atera). Hala ere bigarren eguna oso oso luze joan zen.
Larunbateko bidaia, Frantziako Tourraren ondorioz, asko luzatzeko beldur ginen, baina egun honetako “derrigozrrezko” txangoa 2 ordukoa izanik, kezkarik ez. Auto ilarak izan arren ez zen izugarri luzatu. 11:30 aldera Loudenvielleko Pont du Prat aparkalekuan ginen eta 11:55ean ibilbideari ekin genion, motxilan ohikoa baino pisu gehiagorekin, ia denok kranpoiak eta pioleta generamatzan. Zigzag luzeak egiten dituen basoko bide erosoaz altuera hartu eta Clarabide eztarri ikusgarriatik, balkoi modura, La Soula aterpean ginen 13:55ean. Zama aterpean utzi eta bazkaldu ondoren, denbora soberan izanik, ia denak txangoa luzatzera animatu ginen. 15:10 aldera goruntz jo genuen, zigzag ugari dituen zidor erosoaz Caillauas lakuraino. Eta bide beretik (lasterbide batzuk hartuz) berriz aterpean ginen 17:50 aldera. Aterpe berezia eta desberdina da, itsusia. Alboan daukan zentral elektriko bat, tuberia luze bat, etb… eraiki zuten langileentzat egin zen, zementuzko paretekin eta aterpeetan ezohikoa den gela banaketa “arraro” batekin. Baina alde ona, zentrala alboan izanik, elektrizitatea soberan eta ur beroaz (eta dohain) dutxatzeko aukera. Denbora egin, garagardoak hartu, etb… 20:00etan afaldu genuen, eta afalondokoaren ostean ohera.
Igande goizean 6:30ean gosaldu eta 7:15 aldera abiatu ginen ataka baterantz. Beheruntz zihoazen batzuk elur gutxi zegoela esan ziguten (kranpoiak ez zituztela erabili) eta gurutzatu ginen beste bikote batek gauza bera berretsi. Honela Neste de Clarabide bailaratik barrena Pouchergues lakura igo ginen. Hemendik 3 taldekidek txango alternatibo arinago bat egin zuten, Aigues Tortes bailaratik. Eta lakua inguratzen ari ginela, gaisorik eta nekatuta sentitzen zen beste batek aterpera jaistea erabaki zuen. Lakua saihesturik hasten zen atsedenik gabeko aldapa jarraia. Hemendik gutxira beste bik aterpera bueltatzea erabaki zuten. Otartetxo baten ostean eskaloi bat gainditu behar zen tximinia batetik gora eginez. Clarabide lakuaren alboko lepotxoan zapaldu genuen lehen elurgunetxo bat, oso etzana. Eta hemendik dena pedrera jarraia Gías leporaino, elurgune pare bat igaroz, baina erraz igarotzekoak (kranpoiak eta pioleta motxilan geratu ziren). Lepoan beste taldekide bat geratu zen. Honela, lehenik Clarabideren ipar kota igo genuen, eta minutu gutxi barru, 12:55ean heldu ginen Clarabdeko tontor nagusira. Panoramaz gozatu, argazkiak atera, lepora jaitsi eta zerbait jan genuen jaitsiera luze-luzeari 13:50 aldera ekinez. Eskerrak ez zuela bero handirik egin. Bide berdinaz Clarabide eta Pouchergues lakuetatik behera 17:25 aldera iritsi ginen La Soula aterpera. Azkenei itxaron eta zama guztia motxilan sartu eta lehen bait lehen irten behar genuen, autobus gidariak ordutegi arazorik ez izateko. Honela lehenak 19:00etan heldu ginen Pont du Pratera eta azkenak minutu batzuk beranduago. Denera 11:45-12:00 orduko txangoa. Arropa aldatu, zerbait azkar jan eta 19:35 aldera irten zen autobusa. Bidaian zehar geratu gabe 23:00tan iritsi ginen Errenteriara (ordutegi barruan).
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720318824299
- Irteera URDABURU M.E. : Arabako Birako hamazazpigarren etapa
- Arabako birako 17. etapa burutu genuen Orduñako mendatetik Belandiara