Gaur larunbata Oarsoaldeko birako 2. etapa egin dugu Jaizkibelgo paradoretik kantinara, 68 partehartzailerekin. Eguraldi bikaina izan dugu eta ibilbide ederra. Baina lurra oso bustia zegoenez, eta zidor mota horrentzat jende askotxo, uste baino askoz motelago joan da. Horrela, Azabaratzan 2 ibilbide eta taldetan banatu ordez, denek goikaldeko aukera arinagoa egitea erabaki dugu. Jaizkibelgo paradoreik abiatu gara, pista eta bide artean beheruntz, Erentzin bailara gaineko atakaraino. Hemen kostaldeko zidorrari ekin diogu. Kontxa deituriko bobedatik eta ondoren harri zuri bitxi artetik Labetxu edo Putrekabi bailara koloretsura heldu gara, hemen hamaiketakoa eginez. Hemendik gora, zidor aldapatsuak tapoi luzea sortu du Gaztarrotz puntako atakaruntz. Ondoren Tximistakurratua harrizko hondartzara jaitsi eta gorabehera baten ondoren Akerregi pitzadura bisitatu dugu. Harrizko hondartzatik aurrera Azabaratzara jaisten zen pista ohira iritsi gara. Hemendik errepideraino igo eta Iñalurreta baserritik, Mitxintxola mendia saihestuz kantinatik hurbil, Arrokaundietako bidegurutzean amaitu dugu. Hemendik autobusez Errenteriara bueltatu gara eta taldetxo batek Urdaburuko egoitzan bazkaldu du.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720332136076

