Arthanolatze mendia igo dugu, EMFren 100. urteurreneko ospakizunen barne

Gure federazioa bere 100. urteurrena ospatzen ari den 2024 honetan, asteburu honetako erronka klub desberdinak elkar koordinaturik Euskal Herriko 100 mendi igotzea da. Eta gaur apirilak 27, Urdaburu Mendizale Elkarte bezala gure aletxoa jarri nahi izan dugu, Zuberoako Arthanolatze mendia igoz eta bertan urteurreneko banderarekin argazkia ateraz.
31 lagun irten gara Bagargi lepotik eta esan beharra eguraldi nahikoa petrala izan dugula: haize bortitza, hotza eta euri apur bat, aurpegian min ematen zuena, baina hala ere lainorik ez. Ibilbidea oso ederra baina baldintza gogor horietan ezin merezi zuena gozatu. Bestalde Harsüdürra mendizerrako 4 tontor nagusiak igo ditugu, ziztu bizian eta ia geratu gabe. Lehenik Eskaleta, gero gidoian geneukan Arthanolatze, hemen ahalik eta azkarren argazkia ateraz, gero Xardeka eta azkenik Mendibeltz. Gehienek Burdinkurutzeta lepoan txangoa amaitutzat eman dute eta 6 pertsonek aurreikusitako ibilbide osoa egin dute, Saroberri mendia igo eta ertz polit batetik behera Salbatore ermitan amaituz. Ondoren Donibane Garazira joan gara bazkaltzera.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/sets/72177720316528402/