Pasa den maiatzak 30-31 asteburuan urteroko Aurrepirinioko irteera egin genuen, 24 partehartzailerekin, Guara mendizerratik, eguraldi bikaina baina bero handia jasanez.
Larunbatean Nueno herritik hurbil irten ginen 10:50ean, beroa nabarmena zelarik. Hemendik Santa Eulalia de la Peña herrira igo ginen bertako iturrian freskatuz. Ondoren Salto de Rondán mallo bikoitza osatzen duen W haitza igo genuen, Peña San Miguel; bertara heltzeko paretean zintzilikatutako 2 eskailera-ferrata gainditu beharrarekin. Hemendik behera, Salto de Roldan bistan genuelarik eta beroa ahal zen bazala jasanez Apiés herrian amaitu genuen. Autobusak Huesca hiriburura eraman gintuen, Jaime I hostalean afaldu eta lo eginez. Esan beharra asteburu guztiko berorik itzelena hostaleko afari luze-luzean jasan genuela, aire girotua jarria egon arren.
Igandean San Julían de Banzo herria baino aurreraxeago abiatu ginen Valdonsera arroil bitxi eta ikusgarrian sartu eta bertatik gora eginez. Bide zailenetik (kate eta barandilak) San Salvador atakara igo ginen eta hemendik San Martín kañoi estura jaitsi, bertako izen bereko ermita bisitatuz. Zoritxarrez urteko erromeria eguna zen (maiatzeko azken igandea) eta jende gehiegi eta usain txarra zegoen, bertan lo eta botelloia egiteaz gain, janaria prestatzeko bi su piztuta bait zeuden. Berriz San Salvador atakara igo eta “Astoen zidorretik” jaitsi ginen. Arroiletik irtenda otartekorako atseden bat egin eta Campos de Ciano zelaietatik aurrera egin genuen, pistaz Vadiello bailaran amaituz. Hemendik Nueno herrira joan ginen bertako tabernan bazkaltzera, Errenteriara 20:40 aldera iritsiz, asteburu bikain bat igaro ondoren.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720333963210




