Kaixo mendizaleok!
Iritsi zaigu otsaila eta denboraldi normal batean Landarbaso Trail II.na izan behar zuenaren izen ematean murgilduko ginateke. Zoritxarrez, egun bizi dugun egoerak aurtengoan ere geldialdi bat egitera behartuko gaitu. Urte beteko bizia soilik duen lasterketa gara, ilusio eta gogo handiz antolatu genuena eta balorazio oso positiboekin itxi genuena. Indarrez gaude bigarren edizioari ekiteko, baina lan taldean, mendi lasterketa bat festa giroan gauzatu behar dela argi dugu, baldintza hau betetzen ez duen lasterketari zentzurik hartzen ez diogularik. Ibili beharreko bideak, egin beharreko lanek, ez gintuzkete asebeteko azken emaitza mendiari loturiko jai bat izan ezean. Horretaz gain, lagun talde txiki bat garela kontuan izanik, ia egunero etengabe aldatzen ari diren arau, lege eta baldintzen garai hauetan ia ezinezkoa egiten zaigu lasterketa baten antolaketa aspektu denak une oro hauei egokitzen aritzea.
Iritsiko dira ziur garai hobeak, non korrikalari eta ikusle denek mendiaz gozatzeko aukera izango dugun! Bitartean segi zuen kabuz mendiaz eta naturaz gozatzen eta laster arte!!