Pasa berri den irailak 27-28 asteburuan urteroko Piriniora irteera egin genuen 21 partehartzailerekin. Eguraldia nahikoa txukuna izan genuen eta elur izpirik ez. Hala ere igandea luze samar joan zen.
Aurten Pirinio hurbilagoa tokatzen zenez, eta lehen eguneko derrigorrezko ibilbidea ez hain luzea, bidaia patxaraz hartu genuen eta 11:10ean abiatu ginen oinez Arrens bailarako Pla d’Aste aparkalekutik. Igoera ia guztia milaka zigzag egiten dituen zidor tenteaz joan zen eta azken zatia hegaletik leunago, Migouleu presa eta aterpera 13:30 inguruan iritsiz. Aterpeko langileak oraindik heldu gabe, baina ate nagusia irekirik, kanpokaldeko mahaietan bazkaldu eta zamaren zati bat bertan utzi genuen, eta ia denaekk 14:30ean ekin genion “bueltatxo” osagarri bat egiteari. Bueltatxo hau laburragoa eta askoz desnibel gutxiagokoa izan arren, igoerak adina iraun zuen eta 17:00 inguruan iritsi ginen berriz aterpera. Kanpoan hotz zegoen baina ez zen denbora luzea geratzen afarirako, 19:00tan, eta afaloste luze baten ondoren ohera.
Igande goizean 7:55 aldera abiatu ginen. Lehenik Artouste lepoera igo ginen eta Carnau lakuetara jaitsi, une honetan 4 ttantta bota zituelarik, eta ondoren uste baino saihesbide gorabeheratsuagoa Artouste presaraino, hemen hamaiketakoa eginez. Hemendik beste saihesbide gorabeheratsu baten ostean Lurien lepora iritsi ginen. Hemen eguraldiak onera egin zuen eguzkia ere irten zelarik. Ia denok tontorreruntz jo genuen, batzuk motxila edo zamaren zati bat lepoa baino gorexeago utziz. Igoerak aldapa gogorra zuen baina aparteko arazorik ez eta 14:00 aldera heldu ginen tontorrera. Bertan 15 minutu inguru egon eta beherako bideari ekin genion, puntu batzuetan kontu piska bat jarriz. Lepoa baino beherago dagoen Lurien lakuan geratu ginen bazkaltzera. Baina denbora gehiegi egin gabe, azken jaitsiera luzeari ekin genion, Lurien bailaratik behera, Fabreges urtegi ertzean amaituz, 17:05 aldera. Hemen ere, denbora luzeegi egin gabe 17:30 inguriuan irten ginen, Errenteriara 20:30 aldera helduz, Pirinioko asteburu eder baten oroitzapenarekin.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720329324445



