Urdaburu Mendizale Elkartea 1942ko otsailaren 13an sortutako mendi elkartea da. Garai hartako oztopo guztiei aurre eginez, ilusioz betetako lagun talde batek martxan jarri zuen elkartea, Urdaburu izena jarriz, “Errenteriako altuera gorena” zelakoan (598 metro). Gaur egun ia 900 bazkide ditu.
Urte guzti hauetan bazkideek oinarritzat zaletasun bat izan dute: mendia. Mendiko kirol ezberdinak praktikatuz eta inguruko txoko ezberdinak behatuz, gozatzea.
Gailurrera heltzea, arrokan bide berri bat irekitzea edota zeharkaldi luze bat burutzea ez ezik, elkartasuna, adiskidetasuna eta errespetua bezalako baloreak gailentzen dira hainbeste maite dugun inguru naturalean. Modu honetan, egunerokotasunak sortzen duen errutinaren ihesbide bat lortuz, burua oxigenatzeko aukera bat gureganatzen dugu.
Astearte eta ostegunetan, 19,30etik 21,00tara, elkartearen lokala zabalik dago eta orduan biltzen gara ibilaldi berriak prestatzeko, berriketan aritzeko eta une atsegin bat igarotzeko.