Pasa berri den uztailak 11-12 asteburuan urteroko Piriniora irteera egin genuen 25 partehartzailerekin. Eguraldia ona eta igandeko iritsieran beroa izan genuen. Ibilbide gogorrak izan ziren, hainbat ezustekorekin, baina oso trabesia ederrak.
Aurten autobusa goizago irten zen 6:30ean eta 11:10ean abiatu ginen Hospice de Francetik, bailara-kanal eder batez eta 1000 zigzag egiten zituen bideska potente baina erosoaz. Venasque aterpetik igaro eta goraxeago Benasque portua (bretxa) gurutzatu genuen. Erdiek baino gehiagok Salvaguardia tontorra igo genuen eta besteek beheruntz Besurtaruntz jo zuten. Aurretik zihoan talde honetan partehartzaile batek azukre beherakada baten ondoezak jota, 112ra deitu eta helikopteroz Benasquera eraman zuten (orain etxean dago onik). Atzekoek helikopteroa ikusi bai, baino gure taldekidea zela beranduago jakin genuen, elkartu ginenean. Gainontzekoek Besurtatik gora 18:00tan iritsi ginen Maladetako glaziarraren oinean dagoen Renclusa aterpera, ordutegi barruan. Justu samar, baina aterpeko gelan kokatu eta dutxatzeko denbora eman zigun 19:00tako afari aurretik. Eta afaloste luzearen ostean ohera.
Igandean 6:00tan gosaldu eta 7:10ean abiatu ginen, bezperako bide berdinetik beheruntz, Besurtara. Partehartzaile batek bezperako eroriko baten ondorioz ibiltzeko zailtasun handiak zituen. Baina belauneko faja batekin apenas arazo gabe burutu zuen ibilbidea, totorra ere eginez. Besurtatik bailaran behera jo genuen Llanos del Hospitalera. Igoera aldapatsuaren ostean La Glera lepoan banatu ginen. Erdiek baino gehiagok Sacroux tontorra igo genuen eta besteek azken jaitsiera luzeari ekin zioten, amaiera arte batengingo ez genuelarik. Berriz lepoan jaitsiera basatia, bortitza eta deserosoa izan zen, gainera une batzuetan bero handia somatzen zen. Urjauzi batek freskatzeko aukera eman zigun. Hemendik aurrera bide eroso batez eta basoaren itzaletik jarraitu genuen, Hospice de Francen amaituz 16:25 aldera, bero itzelaz. Autobusa 17:15ean irten eta 21:00 aldera heldu ginen Errenteriara, Pirinioko zeharkaldi zoragarri baten oroitzapenarekin.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720334684088




