Pasa den irailaren 24-25 asteburuan urteroko Pirinioko irteera egin genuen, azkenean 18 partehartzailerekin. Eguraldi iragarki petralak hobetuz joan ziren eta azkenean onetik txarretik baino gehiago izan genuen.
Larunbateko txangoa Lizarako aterpean hasi genuen Bisaurín eta Bernera arteko arroilan gora. Plana Mistresa igarota zelai leunetatik Bernera portura heldu ginen eta dagoeneko lainopean igaro genuen Sarrioen bailara. Estanés laku alboan otartekoa egin genuen, kaskabar mehatxupean. Azken zatian ordu erdiko euria jasan genuen, Candanchú baina lehenxeago atertuz. Candanchúko El Águila atrepean afaldu eta lo egin genuen.
Igandean 16 lagunekin irten ginen. Egun nahikoa eguzkitsua izan genuen, baina fresko samarra, ikusmira onekin gozatuz. Candanchútik Asperako igoera gogorra arriskutsu samar jarri zen izotzarengatik bere W lepoko azken zatian. Asperako azken txanpak egoera txarrean zirudien eta tontorrari uko egitea erabaki genuen. Baina tontorretik arazorik gabe jaisten ikusi genuen emakume batek, izotza lehen metroetan bakarrik zegoela esan zigun, eta honek animatuta denak igo ginen tontorrera. Beheko lepotik hurbil otartekoa egin eta jaitsiera karstiko benetan bihurria izan genuen (eskerrak lehor zegoela) eta ondoren zidor egina GR11rekin bat egin arte. Hau jarraituz Bozo lepora igo eta Lizaran amaitu genuen 17:00 inguruan. Berandu samar zenez, garagardo azkar bat eta berehala irten ginen Errenteriaruntz, 21:00 aldera iritsiz.
ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720302459343