Pasa den azaroak 9an, larunbata, Arditurriko Rollerski Lasterketaren 16. edizioa ospatu zen. Gaueko eta goizeko euri zaparradak ahaztuta, eguraldiak ateri eta epel eutsi zuen. Denera 34 partehartzaile izan genituen, horien artean Urdaburuko 2 bazkide (Jesus eta Urtzi Irurieta). Denera 20 gizon, 3 emakume, 7 mutil eta 4 neska irten ziren. Aurten ere, halabeharrez, Arditurriko tunel bat itxita egonik, ibilbidea ohikoa baino kilometro erdi lehenago amaitu zen. Helduak (6,8 km) Oiartzungo Alcampo ondotik eta gazteak (3,2 km) Fortaleza jatetxetik irten ziren, oraingoan Arditurriko aparkaleku alboan amaituz. Ezin esan aurtengo garaipenak oso lehiatuak izan zirenik, gizon eta emakumeetan minutuetako aldeak egon bait ziren, eta bestalde, neska eta mutiletan, 20 segundutik gora. Gizonetan Irrintzi Ski taldeko Lander Marín izan zen garaile eta emakumeetan Alpino Uzturreko June Aranburu. Mutiletan Pirineos del Roncal taldeko Beñat Irigoien eta nesketan Alpino Uzturreko Libe Curras. Lasterketaren ostean gure egoitzan sari banaketa eta merienda jendetsua egin zen, opariak ere zozketatu zirelarik. ARGAZKIAK IKUSI: https://www.flickr.com/photos/195341817@N02/albums/72177720322026364